

Itsasertza monitorizatzeko sistemek —hala nola euskal kostaldean instalatuak daudenak— zerbitzuz eta tresnaz hornitzen dituzte itsasertzean egiten diren jardueren segurtasunaren kudeatzaileak eta arduradunak. Adibidez, bideo-monitorizazio bidezko sistemei esker, hondartzetako itsaslasterren irudi eguneratu bat eskuratu daiteke, eta sistema horiek lagungarriak dira arrisku-eremuak hobeto seinaleztatzeko.
Gainera, itsasoaren uneko eta etorkizuneko egoerari buruzko informazioa edukita, zenbait jardueraren segurtasuna hobetu daiteke —urpekaritza, kirol-arrantza, aisialdiko bela…— eta marearen ordutegiaren eta garaieraren hain mende dauden jarduerak, hala nola hondartza-futboleko txapelketak, hilabetetako aurrerapenez antolatu.