

Euskal kostaldeko goi-maiztasuneko (HF) kostaldeko radarren sistema 2009an instalatu zen, eta ordutik martxan dabil etenaldi handirik gabe. HF radarren teknologiaren bidez, kostaldetik irrati-seinaleak bidaltzen dira, eta, gero, itsasoaren gainazalean islatutako seinalea aztertzen da. Antena hartzailera itzultzen den seinalea olatuek eta itsaslasterrek eragindako islapen difusoak sortzen du. Jasotako seinale horrekin eta analisi batzuen bidez, ozeanoetako itsaslasterren ordutegi-mapak kalkula daitezke. itsaslaster-mapa horiek lortzeko, gutxienez bi radar-estazio behar dira. EAEko sarearen kasuan, Matxitxako eta Higer lurmuturretan daude.
EAEko sistemak 10.000 bat km2-ko eremu bat hartzen du, eta sortzen dituen itsaslasterren ordutegi-mapek abiadura totalen bektoreak dituzte 5 km-ko bereizmeneko sare errektangular batean. Sistema horrek ematen dituen datuak oso baliotsuak dira ozeanoaren gainazaleko zirkulazioa nolakoa den jakiteko, zirkulazio hori, kostaldean, bereziki konplexua eta zehaztasunez iragartzeko zaila baita. Aukera bikaina ematen dute gure kostaldearen jarraipen egokia eta kudeaketa integratua egiteko, tresnak eskaintzen baitituzte ur gaineko objektuak (itsasoko zaborra, organismoak…), mikroplastikoak, trazatzaile pasiboak (kutsatzaileak) eta abarren barreiatzean/atxikitzean gako diren faktoreak hobeto kontrolatzeko eta iragartzeko.
Higer eta Matxitxako lurmuturretako radar-estazioek bina antena dituzte: antena hartzaile bat eta antena igorle bat. Biak itsasoaren gainazaletik nolabaiteko garaiera batean daude, elektrizitatez eta komunikazio-sistema egoki batez hornitutako bi eremutan. Radar-estazio bakoitzak 5 MHz-ean zentratutako seinale bat igortzen du, 40 KHz-eko banda-zabalera batekin eta 40 W-eko batezbesteko potentzia irradiatuarekin. Olatuek islatzen duten seinalea estazio bakoitzeko ordenagailuan prozesatzen da, eta itsaslasterren datuak Gasteizko estazio zentral batera bidaltzen dira, non itsaslaster totalen mapak prozesatzen baitira.
https://www.euskoos.eus/eu/radar-eu/
WERA: http://ifmaxp1.ifm.uni-hamburg.de/WERA.shtml
CODAR: http://www.codar.com/
CODAR (in Spain): http://www.qualitasremos.com/
http://marine.rutgers.edu/mrs/education/class/josh/hf_radar.html
http://hfradar.ndbc.noaa.gov/
EMODnet PHYSICS : www.emodnet-physics.eu/map
JERICO-NEXT: http://www.jerico-ri.eu/
INCREASE: https://www.mercator-ocean.fr/en/portfolio/increase-2/